Geure hizkuntzak har dezala arnas!

Hala dio kanta zaharrak, eta horixe da gure herriko euskalgintzak urteetan egin
duen lana. Kanta zaharra da Oskorrirena, alafede, 30 urteren bueltan baitabil,
eta urte horietan guztietan izugarri aldatu da euskararen eta euskaldunen
egoera gure herrian. Zoritxarrez, aldakuntza horretan dena ez da urre izan.
Hiztun berriak sortzearekin, hiztun zaharrak alfabetatzearekin eta euskararen
nolabaiteko ofizialtasunarekin euskararen geroa ziurtatuta zegoela amestu genuen;
geure hizkuntzak erraz arnas hartuko zuela uste baikenuen. Gauzak, ordea,
zailagoak izan dira, eta oztopoak gaindituz normaltasunaren bidea egiten ikasi
dugu.

Bide horretan hainbat gauza ikasi ditugu, besteak beste, hizkuntza minorizatuen
erabilerak dituen baldintza korapilatsuak. Izan ere, jarduera soziala den
aldetik, hizkuntza bat erabiltzeko -gure kasuan, jendaurrean euskaraz
aritzeko-, hiztunez gain, beste baldintza batzuk behar dira komunikazioa
etengabe euskaraz gauzatu dadin: gaia interesekoa izatea;
parte hartzaile gehien-gehienak euskaldunak izatea; hiztunek hizkuntza
gaitasun bertsua izatea (jorratzen den gaia eroso segitzeko); eta pertsonaren
batek hizkuntza lidergoa hartzea. Gaia interesgarria izatea oso beharrezkoa da,
gaia baita batzen gaituena; zerbait komunikatu nahi dugu, eta ez bakarrik
hizkuntzari gorazarre egin. Bestalde, hiztun guztiok ez dugu hizkuntza gaitasun
bera, eta hala, adierazpen eta hiztegiaren mugek hizkuntzaz aldatzera behartzen
al gaituzte. Bukatzeko, lider batzuk egotea beharrezkoa da zailtasunen aurre
egiteko (oroit gaitezen kantari eta idazleen paperaz 80ko hamarkadan euskararen
prestigioa goratzeko orduan)

Espero dugu aurtengo Euskaldun On asteak baldintza horiek guztiak betetzea:
gaiak oso anitzak izan ohi dira (musika, antzerkia, hitzaldiak…); liderrak
ere ez dira falta gure herrian, erreferentziazko pertsonak dira, bai beren
jardueretan baita hizkuntzaren erabileran ere; eta amaitzeko, euskaraz aritzeko
gogoa dutenak ez zaizkigu orain arte falta izan, erruz hurbildu baitira
Atarrabiako Udaletxe plazara arnas hartzera udako arratsalde eta gau goxoetan.

Halere, Udaletxe plazan sortu diren landare gazteak aste bakar bateko udako
amets polit batean gera ez daitezen, urte osoan zaindu eta ureztatu behar
ditugu, gure herriko atmosfera oxigenoz bete eta fruitu asko eman ditzaten.

               
               
               
               
               
    Ongi etorri 2014ko EuskaldunON astea!

Egitaraua: sakatu hemen