Aurrera egin du euskarak urte hauetan Nafarroan. Aurrera egin du zure
laguntzari esker. Bertan izan zaitugu, irakasle, esatari, ikertzaile,
ikasle, idazle, erabiltzaile, laguntzaile… Zu zara euskarak aurrera
egitearen protagonista. Proiektuak eraiki dituzu, zure denboraz eta
diruaz elikatu dituzu eta hizkuntza komunitateari aurrera egiteko duzun
gogoa kutsatu diozu.

Euskararen aldeko jarduna Nafarroan epikoa izan da. Gu guztiok
harrotasunez bete behar gaituen jarduna. Unea da egindakoari dagokion
balorea emateko, ordua da bat egiteko eta datozen urteotan
indarberriturik ateratzeko. Ordua da denon artean aurrera egiteko modu
eraginkorrenak zein diren aztertzeko. Ordua da, beraz, euskaraz
bizitzeko eskubidea errealitate bihurtzeko bultzada handi bat emateko.

Aldaketa garaia da. Euskarak Nafarroan aurrera egingo badu beste
hizkuntza politika batekin izango da. Hizkuntza politika berria eta
eragingarria behar du euskarak.

Apirilaren 25ean, Anaitasunan politika horren oinarriak zein diren
azaltzeaz gain, orain arte egindakoak eragiten digun harrotasuna
plazaratuko dugu bai eta, gutariko bakoitzak aurrera egiteko dugun
konpromiso tinkoa erakutsiko dugu.


Egun horretan 18:30ean dugun hitzorduaz gain, eguna girotzeko plan
desberdinak aukeran daude: Ezkaban lasterka, Bertso Bazkaria,
Mintzodromo erraldoia Gaztelu Plazan, Xamariko eguna, Nafarroako
Antzerki Eskolan antzezlan baten estreinaldia…

Bagara nor, eta plaza hartzera goaz