“Euskararen paparazziak” argazki-lehiaketan parte hartzeko azken egunak, 800€ saritan!
Bigarren “Euskararen paparazziak” argazki-lehiaketa Iruñerriko saltokietan
Iaz aurreikuspen guztiak gainditu ostean, aurten ere “Euskararen
paparazziak” argazki-lehiaketa antolatzea erabaki dugu “Euskara
Merkataritzara” planean parte hartzen dugun udalek (Antsoain, Aranguren,
Atarrabia, Berriobeiti, Berriozar, Burlata, Gares, Oltza Zendea, Uharte
eta Zizur Nagusia) eta Iruñeko Karrikiri Euskaldunen Elkarteak.
Lehiaketaren helburua saltokietan euskararen erabilera handitzeko
eman diren urratsak bezeroei eta herritarrei ikusaraztea da eta,
horretarako, arreta erakartzeko, argazki-lehiaketa antolatzea erabaki
dugu aurten ere.
Lehiaketan parte hartzeko bidea oso sinplea da: Iruñerriko eta
Gareseko saltokietan ikusgai eta euskaraz dauden errotuluei, kartelei
edo bestelakoei argazkiak atera eta “WhatsApp” edo “Telegram”
aplikazioen bidez 605 75 40 17 zenbakira bidali behar dira. Euskara eta
merkataritza hobekien uztartzen dituen argazkiaren bidaltzaileak 500
euroko txartela jasoko du planean parte hartzen duten saltokietan
gastatzeko. Horrez gain, parte-hartzaileen artean 100 euroko hiru
txartel zozketatuko dira. Argazkiak apirilaren 6tik 26ra bitartean
bidali ahalko dira, bi egun horiek barne.
“Euskara Merkataritzara” planak Iruñerriko eta Gareseko saltokietan
euskararen erabilera areagotzea du helburu. Plana 1994. urtean jarri zen
martxan, Burlatan, eta arian-arian herri gehiago joan ziren gehitzen;
gaur egun, 10 herritako 255 saltoki baino gehiago ari dira euskararen
erabilera areagotzeko urratsak ematen: tabernak, landa-etxeak,
arropa-dendak, ile-apaindegiak, hotelak, diseinu tailerrak, botikak,
ardotegiak… Horiei guztiei, doako itzulpen zerbitzua, euskara ikasteko
edo errotuluetan euskara erabiltzeagatik diru-laguntzak, eta abar
eskaintzen diegu aipatutako udaletako euskara zerbitzuetatik. Aipatutako
lehiaketa plan horren baitan abian jarri den ekintza bat gehiago da.
Lehiaketaren oinarriak blog honetan bertan, goiko menuan, kontsultatu daitezke.

