Martxoak 23an, osteguna, Iruñerr
iko bizilagunok “Auzokoak” dokumentala ikusteko aukera izango dugu Iruñeko Katakraken, arratsaldeko 19:30etan. Iñaki Alforjak zuzendutako dokumental labur hau, Euskaltzaleen Topaguneak euskara eta aniztasunaren inguruan hausnarketa bultzatzeko sortu zen 2016 urtean.
Azken urteotan Topaguneak aniztasuna eta euskararen gaia uztartzeko hausnarketak eta praktikak martxan jarri ditu. Ibilbide hau Auzoko egitasmoarekin hasi zen, 2009tik martxan dagoena eta egun Gipuzkoako hainbat herrietan eta Gasteizen zabalduta dagoena.
Egitasmo honek hiru helburu nagusi ditu: batetik, euskaratik urrun bizi direnak euskarara hurbiltzea. Bestetik, herritarrak gure herrietako hizkuntza aniztasunaz jabetzea, izan ere, gure herrietan hizkuntz anitzen hiztunok partekatzen ditugu kale, eskola, denda, kiroldegi eta abarrak. Eta azkenik, hizkuntza desberdinetako herritarrak harremanetan jartzea, norberarena aintzat hartuta, euskara erdigunean jarrita.
Hau guztia ahalbidetzeko, lagun taldeak sortzen dira. Auzotarrak (euskaraz bizi diren herritarrak) eta Auzokideak (euskarara gerturatu nahi direnak) taldeetan elkartzen dira astean behineko hitzorduetan. Ludikotasuna oinarri hartuta, dinamika ezberdinak egiten dituzte euskararako bide hori errazteko.
Egitasmo honetan hain zuzen parte hartzen dute Auzokoak dokumentalaren protagonistak. Naima, Ishor, Nagore, Leire eta Monicak beraien bizitzen egun bat partekatzeko aukera emango digute dokumentalean. Beraien jatorrizko hizkuntzak, hizkuntza ohiturak, euskararekin duten harremana islatzen da, bizipenetatik eta oso modu gertukoan, euskaraz eta elkarrekin bizi daitekeela erakutsiz.
Auzoko egitasmoaren inguruan informazio gehiagorako klikatu hemen.
Dokumentala ikusi ondoren euskara eta aniztasunaren inguruko solasaldia egingo da.
